2002ko ekainak 6, Osteguna | Irristatzen |
Beratik Barnara
Gaur hasi eta hilaren 9a arte Beran izango den Ertz jaialdia ezin aipatu gabe utzi. Multimedia, bideo esperimentala, musika eta beste gauza interesgarri batzuk ikusi ahal izango ditugu gure Sonar txiki honetan. Ertz jaialdiaren gaineko informazioa sarean Ertz Arte Gunearen webgunean aurkituko duzue. Bertan, jaialdiko egitarauaz eta nondik norako guztiez gain, etengabeko erakusketa dago, Artists atalean, Bera aldeko artista batzuren lanak internautei erakusteko. Gallery atalean, jaialdiaren iragan edizioan eta iazko urrian ateratako argazkiak daude.
Sonar aitatu dut, astebete barru Bartzelonan hasiko den musika aurreratuaren eta multimedia artearen jaialdia. Topagune txiki moduan sortu zen, gutxiengo baten zaletasunak bultzatuta, baina urte gutxiren buruan izugarri hazi da eta egun Europan erreferentzia garrantzitsua da Sonar.
Hiru gau eta hiru egun azken joerekin kontaktuan eta nazioarteko artistarik interesgarrienen lana hurbiletik ikusteko aukera. Bere bederatzigarren aldia den honetan 300 ekitaldi baino gehiago izango dira, 65 film SonarCinema-ren sesioetan, 80 kontzertu eta 60 multimedia lan: instalazioak, net-artea, diseinua eta abar. Bartzelona Mediterraneoko diseinuaren hiriburua dela argi dago, beraz, bertan dagoen joera teknofiloarekin lotuta, horrelako jaialdi bat garatu ahal izan duena. Beste erakusgarri bat dugu Flash animazioen eremuan antolatzen duten Online Flash Film Festival, hau ere ordenagailuak eta diseinua lotuz.
Aurrerapenez iragarri dugunez, datorren asterako planak egiten jarrita, ez da ideia txarra izango Bartzelonara txangotxo bat egitea. Horretarako lagungarri izango dugu Internet eta hainbat webgunetan aurkituko dugun informazioa.
Hasteko, Sonar jaialdiaren beraren webgunean aurtengo edizioaren nondik norako guztiak aurkituko ditugu: nola heldu, non ostatu hartu, albisteak, agenda, gaueko kontzertuak... Baina bertan sekula izan ez bagara badira bisitatzea merezi duten beste leku batzuk. Esaterako, Bartzelonako Clot auzoan La Farinera del Clot kultura fabrika aurkituko dugu. Irin fabrika industriala izandako eraikin eraberrituan, besteak beste, musika elektronikoa eta ziberaktibitateak ere programatzen dituzte.
Gurean beste Sonar txiki bat dugu Elektronikaldia, udazkenean Donostian egin ohi dena. Biak Sonar-ekin konparatu ditudan arren, ezberdinak dira: Ertz-ek beste musikak izenburupean musika esperimentala eta bideo sorkuntza ardatz duen bitartean, Elektronikaldia musika elektronikoaren inguruan antolatzen dute. Azken honen laugarren edizioa izango da aurtengo urrian eta jada orduan aukeratuko duten musika lehiaketaren deialdia duzue haren webgune ofizialean.
www.ertza.net
www.sonar.es
www.offf.org
www.farinera.org
www.elektronikaldia.org