2002ko maiatzak 23, Osteguna | Irristatzen |

Musikariak sarean

Webgune ofizial eta ez ofizialak promozio bide

Sarean bueltaka, hainbat musika talderen webguneak aurkituko ditugu. Duela urte batzuk ezohikoa zen musikari edo talde batek webgunea edukitzea, baina egun oso gutxi dira sarean erreferentziaren bat ez dutenak. Ofizialak eta ez ofizialak, ikusgarriak eta eskasak. Denetarik dago eta ez da arraroa aurkitzea webgune ofiziala baino askoz hobea den ez ofiziala, internauta izengabe batek egina.

Esaterako, laster Bilboko Kafe Antzokian joko duen Gigolo Aunts taldearen webgune bikaina taldearen jarraitzaile batek egiten zuen hasieran eta azkenik webmaster ofiziala bihurtu dute berau. Stephane diseinu grafikoa ari zen ikasten Parisen, duela urtebete pasatxo taldeari buruzko webgunea ezarri zuenean. Ezarri bezain laster kontaktuan jarri ziren Bostondarrak berarekin.

Izan ere, webgune bat egitea kasu honetan diseinatzaile baten promoziorako ere balio duela ikusten badugu ere, argi dago webgune ofiziala izatea ezinbestekoa bilakatu dela taldeentzat. Erreferentzia ezezik, albistegune, zaleen topagune eta denda ere izan daiteke diskoak, kamisetak eta bestelako parafernalia saltzeko.

Musikarien arte adierazpenaren parte ere bilaka daiteke webgunea, haren munduaren zati inportantea. Esaterako, Wilco taldearen webgunea oso interesgarria da. Webcast bat iragarrita dute gaurko «zure herrira noiz etorriko begira egon ez zaitezen», diotenez. Baina beste artista baten lana ere aurki dezakegu talde honi lotuta. Izan ere «I Am Trying to Break Your Heart» filma ez da berez taldeak ekoitzitakoa, baina taldearen gorabeherak, Yankee Hotel Foxtrot diskoaren grabaketa, disko etxearen aldaketa, kontzertuak eta ibilerak islatzen dituen zuri-beltzeko filma da, 16 milimetrotan grabatuta.

Wilcofilm.com domeinuan ikus dezakegunez, Sam Jones zuzendariak ez du zerikusirik taldearekin eta, beraz, ez dugu promozio lana aurkituko film horretan. Webgunean, QuickTime formatoan grabatutako trailerra eta lagin ikusgarriak ezezik, filmetik at geratu diren pasarteak eta artistekin elkarrizketak daude ikusgai. Hori bai, konexio azkarra edo pazientzia handia izatea ezinbestekoak izango dira klipak ikuskatuko baditugu.

Talde baten gaineko webguneak aipatzen jarrita, hemengo baten bat azpimarratu beharko dut. Su Ta Gar taldearena duela urte bi oso ondo hartua izan bazen ere, egun Flash animazio multimedia eta interaktiboak dituztenak dira arrakastatsuenak. Aipagarriak dira PiLT eta Ortophonk taldeek dituzten webguneak, nahiz eta biek Windows ez diren ordenagailuetan ikuskatzeko arazoak eman. Ortophonk-ekoek gure ordenagailuaren pantaila janzteko irudi bitxiak eskaintzen dizkigute, musika laginak, flyerrak, mp3 abestiren bat eta oso marrazki barregarriak. Ikusgarria benetan.

www.gigoloaunts.net
www.wilcoworld.net
www.wilcofilm.com
www.pi-lt.com
www.ortophonk.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner