2002ko maiatzak 9, Osteguna | Irristatzen |

Saharauiak sarean

Mendebaldeko Sahara izeneko herrialdea Espainiako kolonia izan zen 1975 arte. Orduan, Afrikako herrialde gehienek egina zuten bezala, independentziarako bidean ziren saharauiak, egitekoa zen autodeterminazio erreferendum baten bidez. Baina iparraldeko Maroko expansionistak beretzat nahi zituen saharauien lurrak, "Maroko handiaren" izenean galdatuta, berauek erresistentzia handirik jarriko ez zutela kalkulatuz eta begiak saharauien mineral eta arrantza ondarean jarrita.

Mehatxuaren aurrean espainiarrak ez zeuden ahaleginetarako. Franco hilzorian, metropoliaren egoera ezegonkorregia zen militarrek arreta kanpoan jartzeko. Gainera, Espainiak ikusia zuen ez zuela lurralde hartan jarraitzerik eta ez zuen adorerik izan saharauiak independentzia lortu arte babesteko. Marokok Saharako zati handi bat, garrantzitsuena, inbaditu zuen orduan eta bertan jarraitzen du egun. Tropen eta martxa berdeko 300.000 marokiar zibilen inbasioak bertako biztanle gehienen ihesa eragin zuen, Aljeriak eskaini babesaren bila. Haien babesean ezarri ziren desertuaren erdian, Tindouf hiriaren inguruan eta han bizirauten dute oraindik 200.000 inguru saharaui, okupazioa noiz amaituko zain.

Saharauien Polisario frontearen erasoen eta NBEren presioen aurrean, autodeterminazio erreferenduma egitearekin ados azaldu zen Maroko baina geroztik haren egikaritzea oztopatu du. NBEk ez du indarrik erakutsi Maroko presionatzeko, beronek AEB eta Frantzia lagun dituelako. Gauzak horrela, denborak saharauien kontra jokatzen du, egoera jasangaitza usteltzen baita kanpamenduetan zein okupatutako lurraldean. Iragan astean NBEk berriro ere Mendebaldeko Sahararekin zer egin behar den erabakitzea hiru hilabetez atzeratu zuen. Baliteke azkenik NBEk amore ematea eta inbasioa ontzat ematea, hala nahi baitute AEBk eta Frantziak. Beraz, hiru hilabete hauek erabakiorrak izango dira.

Horregatik, Polisariorena armada txikia izanik, armarik eraginkorrena informazioa dela konturatzen hasiak dira saharauiak. Arrazoi guztia edukitzea ez dela nahikoa ere badakite eta Internet erabiltzen hasi dira desertutik munduarekin komunikatzeko. Saharako SPS agentzia ofizialak bere webgunean biltzen ditu azken ordukoak eta posta zerrenda du harpidetza egiteko. Polisarioren webgunea ere sarean dago, preso eta desagertuen senideen elkartearena bezala. Haien museo nazionala bisita dezakegu edo irratsaioa entzun Radio Resistencia-n.

Albisteak baino gehiago ageri dira, inglesez, wsahara.net webgunean: historia, jendea, minen arazoa, geografia... Arabiarrez, berriz, webgune berria agertu da tukatt.org domeinupean. Berau ikusteko, baina tipo arabiarrak eduki behar ditugu ordenagailuan eta, noski, arabiera jakin. Baina dudarik gabe sarean erreferentzia nagusia arso.org dugu. Suitzatik egina, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez albisteak eta gaiari buruzko informazio andana aurkituko dugu.

www.spsrasd.info
www.nodo50.org/fpolisario
www.pagina.de/afapredesa
biblioteca.udg.es/fl/sahara
www.radioresistencia.cjb.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner