2002ko maiatzak 2, Osteguna | Irristatzen |
Euskal mp3-ak
Musikarien egile eskubideak Interneten
Duela aste bi Espainiako SGAE elkarteak CD grabagarrien gainean ezarri nahi duen kanonari buruz aritu ginen, ez gaitu harrituko egunen batean orrialde zurien gainean antzeko beste bat ezarri nahi duela jakiteak. Oraingoan, hala ere, sarean dagoen musikatik elkarte horrek atera nahi duen atarramenduaz jardungo dugu.
Muzikalia.com musikari buruzko aldizkari digitala da, Espainiako eta nazioarteko musikei buruzko elkarrizketak, kritikak, kontzertuen agenda eta horrelako atalak eskaintzen ditu. Beste bi atal zituen muzikaliak duela bi hilabete arte: irrati atala eta mp3ak doan eskura zitezkeen orrialdea. Otsailaren 11an SGAE elkartetik gutuna heldu zitzaien, mp3ak edukitzeagatik hilabetero 375 euro ordaindu beharko zituztela esanez. Alferrikakoak izan ziren Muzikaliaren argudioak: ez dutela aldizkariarekin dirurik irabazten, taldeen promoziorako soilik jarri zituztela eta disketxeen zein artisten baimena zutela haiek ipintzeko. «Entzun ere ez dute egin, gaizkileak baino ez gara besteen kontura patrika betetzea besterik nahi ez duen elkarte horrentzat», zioen Muzikaliako zuzendari Sergio Picon-ek atal horien ordez jarritako oharrean.
Piconen aburuz, Internet artista txikien promoziobiderik onena da, baita jendeak euren lanak dastatu ostean euren diskak erosteko ere. Baina haren esanetan Espainian SGAEri beldurra diote denek: «Pena da egileek eurek ere ez dutel euren lanekin zer egin erabakitzeko eskubiderik». Elkartearen politika kritikatzen duten artisten artean Kiko Veneno, Meteosat edo Stormy Mondays aurki ditzakegu Espainian. Azken hauek musicaeninternet.com webgunearen bidez azaltzen dute euren jarrera eta artista askoren argudioak bildu dituzte.
Berriki, irratia.com-ek ere antzeko oharra jaso du SGAEtik. Bertako irrati kanaletan emititzen diren hitzak eta musika ezin dira disko gogorrera grabatu, stream edo etengabeko jarioan emititzen baitu eta, grabatu ahal izanez gero ere, AM irrati batek eman dezakeen kalitatearekin entzungo litzateke musika. Bestalde, bertatik jaisteko moduan dauden mp3 apurrak, denak artistek eurek emanak dira. Euskal musikarien promozioan laguntzeko xedea baizik ez du irratia.com-ek, baina dirudienez, argudioak eta logikarik oinarrizkoenak ez diote axola herri bateko jaietan txistularien kalejiragatik ere kobratu nahi duen elkarteari.
SGAEri alternatibak aztertzen jarrita, oraindik asko falta ei da euskal egileen elkarte bat ikus dezagun. Boza ediziogunea euskal artisten eskubideak kudeatzeko asmoz sortu da baina oraingoz ez du alternatiba bihurtzeko indarrik SGAEren bidez erregistratzen baititu errepertorioak. Artisten eskuetan dago bat egitea eta alternatibak sortzea eta biziki zaila izango da denak halako batean ados paratzea.
Eta bitartean, egoera eskizofreniko honetan eta SGAEren ahaleginak gora behera, nahi duenak eskura ditzake disko osoak paismp3.com bezalako webguneetan eta CDen azalak eta atzekaldeak jaitsi cdcovers.cc moduko beste batetik, artisten promoziobide zintzoa diren webguneak zentsuratuak diren bitartean. Hori bai, SGAEk bere Portal Latino atarian nahi duen beste musika jartzen du doan entzungai.
www.musicaeninternet.com
www.muzikalia.com
www.e-boza.com
www.paismp3.com
www.cdcovers.cc
www.portalatino.com