2002ko apirilak 25, Osteguna | Irristatzen |
Barrapunton agertua
Indymedia Euskal Herria sortze prozesuan dago oraindik. Askotan aipatu dugun informaziogune aurrerakoia, irekia eta horizontalaren euskal edizioa antolatzen ari da euskal internauta talde bat. Egunotan alderdi teknikoa dute eztabaidagai nagusi, software librea erabiliko duten printzipioa onartuta, zein sistema erabiliko duten edizio automatizatua egiteko eta zer nolako zerbitzaria erabiliko duten, non kokatuko dituzten makinak eta horrelako gaiak.
Baina iragan astean Ğairean zegoelağ iragarri zuen norbaitek Barrapunto weblog-ean. Albistegi honetan oso informazio interesgarriak ageri ohi dira, software librearen inguruan sortua izateak damaion ezkerreko ikuspuntu batetik. Albistea idatzi zuenak Indymedia Euskal Herria agertzen den web gune baten helbidea eman zuen. Baina bertan kausituko duguna ez da probetarako erabiltzen ari diren txantiloia baizik.
Bada, iragarpenak erantzunak eta eztabaidak eragin ditu, horretaz jakitun ez zeuden internauta batzuek sortzear dagoen euskal IMC horren kontrako jarrera agertu baitute. Iruzkin batzuetan ĞETAren kontra ezer idazten ez delakoğ kezkatuta ageri dira aldez aurretik, nahiz eta oraindik txantiloiaz aparte ezer argitaratu ez den. Horrelako erreakzioak, bertoko Indymedia bultzatzen ari direnen esanetan Ğetorriko denaren lagina baino ez dirağ, komunikabide alternatibo legez kontrolagaitza denez, ez baizaio gustatuko botereari. Italiako Indymediak eta Jerusalemekoak miaketak eta errepresioa jasan behar izan dituzte jada. Indymedia Euskal Herrian bere ekarpena egiteko gogoa duenak posta zerrendan eman dezake izena, bertako eztabaidetan esku hartzeko.
Baina Barrapunton bestelako albisteak ere badatoz. Ingelesezko slashdot webgunearen erdarazko bertsio moduan sortu zen, ikuspegiz eta gaiez antzekoa baina harengandik erabat independientea. Bere jatorri linuxeroaren adierazle, arlo teknikoari buruzko albisteak eta informatikari buruzkoak asko badira ere, kutsu aurrerakoi hori igartzen da informazio alternatiboak ematen baititu. Esate baterako, Radikal aldizkariaren gaineko azkena.
Radikalena Interneteko aferarik zaharrenetakoa dugu. Duela zazpi urte Alemaniako ezker autonomoaren aldizkaria debekatua izan zen bertan, ustez sabotaia ekintzak egiteko argibideak ematen zituelako. Ondoren, Holandako Internet zerbitzari batean kokatu zuten eta Alemaniako gobernuak eginahalak egin ditu bertatik ere ken dezaten. Berriki Holandako epaileek Radikal ezabatzea agindu dute baina berriz agertu da Italiako beste zerbitzari batean. Botereak oraindik ez du barneratu sarearen izaera librea.
www.barrapunto.com
euskalherria.indymedia.de
indy.txipinet.com
slashdot.org
www.ecn.org/radikal