2002ko apirilak 11, Osteguna | Irristatzen |
Amerikar kritikoak
Informazio alternatiboa AEBetan
Iragan astean aipatu genuen, Palestinako sarraskia dela eta, gutxi izan arren badela ahots kritikorik Israelen eta btselem.org domeinuaren bidez euren salaketa zabaltzen dutela. Are ahots kritiko gehiago daude AEBetan, lagun amerikarraren politika ez baita bertako guztien gustokoa. Seattlen eta Washingtonen entzun ahal izan genituen ahots berberak dira, Indymediaren ingurukoak, eta ez dute Palestinagatik bakarrik AEBen jokaera salatzen.
Baina hori baino lehenagotik dauden beste komunikabide batzuk ere badira, batzuk funtzionatzeko modu bitxia dutenak. Kapitalismoaren erdigunean egonik, salaketa soziala negozioarekin konbinatzen dute batzuek, freespeech.org kasu. Webgune honetan albisteak irakurri eta RealVideo formatoan dokumental interesgarriak ikus ditzakegu, denak aktualitatekoak eta gizarteari buruzko ezkerreko ikuspegi batetik: Palestina, zapatistak, Brasilgo lurrik gabekoak... Baina dirulaguntza ofizialik ez dute eta funtzionatzeko dirua nonbaitetik atera behar dute, noski. Ordainduzko satelite bidezko telebista kanala dute eta web hosting zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Negozioaren eta aktibismoaren arteko beste nahasketa interesgarri bat dugu Workingassetsradio.com izeneko webgunea. Bitxia da, baina Working Assets izeneko telefono enpresa dago honen atzean. Eurek diotenez, «irabazi asmorik gabeko ekimen aurrerakoiak bultzatzen dituen telefono konpainia» dira. Telefono operatzaile komertziala da, baina deiak egitean guk ordaindutakoaren zati bat GKE zenbaiten jarduera laguntzeko bideratzen du. Pentsatzekoa da ezkerreko jende askok enpresa honen bidez egingo dituela telefono deiak baina pentsatzekoa da, halaber, AEBetan gehiengoa diren eskuindarrek ez dutela berau erabiliko.
Webactive beste adibide bat dugu. RealPlayer programa eta Real audio eta bideo formatuak ekoizten dituen RealNetworks enpresak antolatutako ekimena da Webactive.com, «aktibista aurrerakoiei sarean informazio eguneratua eta baliabideak eskaintzeko xedea» duena. Lehenago Progressive Networks izena zuen enpresak izena aldatu zuen, progressive-ren ordez real jarriz. Webactive.com-en biltzen dira beste irrati eta web irrati zenbaitetan eginiko irratsaio batzuk, Jim Hightower esatariak egiten duena kasu. Hightowerrek egunero minutu biko komentarioak egiten ditu gai bat hizpide hartuta eta bere irrati pertsonala du sarean.
Pacifica irratia ere Webactive-n dago, bere Democracy Now! irratsaioarekin. Azken aldion arazo ekonomikoak dituen irratiak iaz arazo politikoak izan zituen, ezkerreko joera zuten esatariak kaleratu ostean. Zentsura politikoa salatzen dute hainbat sektorek, botereak presioa egin baizuen garrantzi handia hartua zuen irratiaren joera kritikoa amaitzeko. AEBetan badira ahots kritikoak baina iazko irailaren 11z geroztik ez da erreza alternatiboa izatea.
www.jimhightower.com
www.pacifica.org
www.savepacifica.net
www.radio4all.org/freepacifica
www.workingassetsradio.com