2002ko martxoak 28, Osteguna | Irristatzen |
Beste Safiyak
Online kanpainiak presoak askatzeko
Internetek duen ahalmenaz eta indarraz jardun genuen iragan astean eta, Safiya Husseiniren aferan, badirudi sarearen bidez eginiko presioek emaitza izan dutela, azkenik emakumea kondenatu zuen sharia legea konstituziotik kanpo dagoela esan baitu Nigeriako gobernuak.
Baina Safiyarena ez da kasu bakarra eta hori argi ikus daiteke heriotz zigorraren aurkako Hands off Cain webgunean. Herritarrak eta parlamentariak biltzen dituen kanpainia honen helburua mundu osoan heriotz zigorraren abolizioa erdiestea da eta horretarako NBEak heriotz zigorren atzeratzea agintzea eskatzen dute, ondoren, oraindik egin ez dutenek zigor hau euren legeetatik ken dezaten.
Presioek emaitza izan zuten ere Thomas Miller-en kasuan. Miller Texasen heriotzera kondenaturiko gizon beltza da eta otsailaren 15ean bere exekuzioa atzeratu zuen AEBko Auzitegi Gorenak. Azal beltzekoa eta familia pobre batekoa izanik, Miller 1986an kondenatu zuen zuriz osatutako epaimahai batek eta bere exekuzioa 12 aldiz iragarrita izan bada ere, beste hainbeste bider izan da atzeratua.
Badakigu munduko herrialderik demokratikoenean ere jendea exekutatzeko ohitura dutela eta arrazoi politikoak ere izaten dira tartean. Beltza eta aktibista zen Mumia Abu Jamal kazetariarena oso afera famatua da. Bere bizia salbatzeko kanpainia oso luzea eta hainbat web gunetan hedatua izan da. Safiyarena, berriz, denbora laburrago batean eta webgune gutxitan kontzentratu da. Mumia kazetari beltza zen Philadelphian, irratsaioa egiten zuen bertan eta beltzen eskubideen aldeko mugimenduan oso engaiatua zegoen. Bere defendatzaileek diotenez, horrexegatik bera akabatzeko montaia egin zuten, polizia baten heriotza leporatuta.
Mumia bezala gutxiengo bateko aktibista zen Leonard Peltier Lakota indiarra gartzelan dago duela hogeita sei urtetik eta Amnesty Internationalek «berehala askatu beharreko preso politikoa» dela dio. Mumiak zein Peltierrek gartzela barrutik aktibismoan mantendu dira ahal izan duten neurrian, artikuluak idatziz eta gartzela barruko bizitza latzaren berri emanez.
Beste kasu aipagarri batzuk izan dira, heriotz zigorra jaso ez duten arren, EEBBetan gartzelaratuak izan diren atzerritar aktibistenak. Silvia Baraldini italiarrak 16 urte iragan zituen barruan Black Panther alderdikoak laguntzea leporatuta. Azkenik, presio kanpainiei esker Italiara itzuli ahal izan zuen ezarritako kondena bertan amaitzeko. Lori Berenson-en kasua, berriz, ezberdina da, Perun gartzelan dagoen AEBko herritarra baita baina bere gobernuak ez du ezer egin MRTA laguntzeaz akusatuta dagoen emakume honen alde.
Pablo Ibar gaztearen afera ezagunagoa zaigu hemen, bera Urtain zenaren iloba baita eta bere aita Kandido hemendik ibili baita, exekuta ez dezaten laguntza eske. Pablo heriotzera kondenatuta dago Florida estatuko death row batean.
www.handsoffcain.org
www.nodo50.org/thomasmiller
mumia.nodo50.org
www.freemumia.org
www.freepeltier.org
www.pabloibar.com
www.freelori.org
www.prisonactivist.org/pps+pows/