2002ko martxoak 14, Osteguna | Irristatzen |
Agur, bxt
Bixente Iriarti gorazarrea
Harrituta. Harrituta eta hunkituta geratu ginen irratia.com-eko kideok iragan asteburuan Parisetik Bixente Iriart musikari garaztarraren heriotzaren berria heldu zitzaigularik. Testu hau beste gai baten gainean idaztekoa nintzen, baina bat-batean 30 urteko lagun bat hiltzeak uzten duen ikarak burua blokatzen du. Gainera, nahiko oharkabean pasatu da offline albistea, ez ordea online.
Internauta genuen Bixente, sarean adierazpidea aurkitu zuen bere musika jartzeko, disketxea iragartzeko, BDF koordinatzeko... Eta sarea ere baliatzen zuen Euskal Herriarekin, bertoko lagunekin, kontaktua mantentzeko. Izan ere, 1998az geroztik Parisen bizi zen, bxt bihurtuta, bertako musika elektronikoaren giroan erabat murgilduta.
Lehenago baxua jotzen ibilia zen Euskal Herriko hainbat taldetan rock, folk eta reggae musika joz eta konposatuz. Besteak beste, Anje Duhalderekin, Txakun taldean eta King Mafrundin ibili zen. Baina azken urteotako zaletasun teknofiloak bultzatuta iparraldera abiatu zen, Parisen ezinegon musikal horiek hobeki asetu asmoz.
Metropolietara abiatutako beste artista batzuek, jarrera probintzianoak kutsatuta, sorterria ahalbait arinen ahantzi egiten dute, hango modernitateak txundituta. Baina Bixentek ez zion bere euskal jatorriari uko egin. Horregatik hartu zuen Basque Electronic Diaspora ekimena antolatzearen ardura. Paristik, munduan sakabanatuta dauden euskal jatorriko musikari elektronikoak bildu zituen, Londreseko Isa Suarez eta Iņaki Yarriturekin batera. Argentinan, Britainia Handian, Espainian eta musika elektronikoak gurean baino garapen handiagoa duen erbeste horietan bizilekua zuten lagunak denak ere. BED#1 diskoa 1999an argitaratu zuen Esan Ozenkik eta bigarren zatia, BED#2, Metak disketxeak ekoitzitako lehenengo diskoa izan zen 2001ko maiatzean.
Disko bien bitartean, bere powerbook-arekin musika konposatzen osatu zuen Bixentek 2000an argitaratu zen Soupįons diskoa. Bertan
reggae, dub, musica serial, electronica, minimal techno, jazz joerak azaltzen ziren eta berak abian jarritako Counter Reset disketxearen estraineko ekoizpena izan zen.
Bitxia da, baina berak sortutako webguneetan ez da ageri haren heriotzaren berririk egunotan. Normala da, bestalde, egile eta kudeatzailea bera zela kontutan hartzen badugu. Horrek sentipen arraroa uzten digu horiek bisitatzean. Bera joan da, baina bere lanak oraindik hor dirau ziberespazioan. Sentitzen dut gurean kalitatezko musika elektronikoaren garapenak galgatuko duela neurri batean Bixenteren heriotzak. Zer esango dugu bada? Ez da bidezkoa.
www.counter-reset.com
www.bed-web.com
www.musikametak.com
www.elektronikaldia.org
www.irratia.com
perso.worldonline.fr/counterreset/bio.html