2002ko martxoak 7, Osteguna | Irristatzen |

Susmagarriak

Espainiako gobernua globalizazioaren aurkakoak zelatatzen

Hilaren 15 eta 16an mobilizazioak izango dira Bartzelonan EBko ministroen gailurraren aurrean protesta egiteko. Egun bi horietan mahainguruak, asanbladak eta manifestazio handi bat iragarrita daude aspalditik. Mundu mailako agintarien bilerak izaten direnean ohikoa bihurtu da jada globalizazioaren aurkakoek mobilizazioak prestatzea eta hileon Bartzelonaren txanda izango da.

Horren guztiaren jakitun, Espainiako gobernua neurri batzuk hartzen ari da, gailurra Bartzelonan izateaz gain, Aznar Europako presidente den aroan izango baita, zapaluze batzuek gailurra honda ez diezaioten. Eta xede horrekin fronte askotan ari da ahalegintzen. Genoan gertatu bezala, Kataluniako hiriburuaren zati handi bat itxiko dituela iragarri du gobernuak. Aktibista askok salatu dutenez, iragarpen honen helburua «manifestariak kikiltzea da, beldurrez, mobilizazioetara joan ez daitezen». Horrez gain, berarekin ados ez daudenek manifestaziorik egin ez dezaten unibertsitatea ere geldituko du eta sektore batzuk jazarriko ditu, bertan sator lanean ere saiatzeaz gain.

Informazioaren eremuan ere bere mugimenduak egiten ari da eta afera honetan gatazka leku inportantea bihurtu da Internet. Batzuentzat paradoxikoa izango bada ere, globalizazioaren aurkako mugimendu globalak sare globala erabiltzen du bere mobilizazioak koordinatzeko, eztabaidatzeko eta beste komunikabideetan sartzerik izaten ez duen informazioa hedatzeko.

Urtarrilean zabaldu zen Aznarren gobernua globalizazioaren aurkakoak zelatatzen dituela, Bartzelonan zer egingo duten jakite aldera. Barne ministerioko iturriak aipatzen zituen Colpisa agentziaren informazio baten arabera, poliziak «Espainiatik kanpo kokatutako zortzi zerbitzaritan» kokatzen ditu «presidentziaren aurka antolatzen ari diren protestaldi baketsu zein bortitzak». Barcelona Indymedia, Observatorio Global, International Protest Action, Nodo50.org, Acción Internacional de Estudiantes, Rebelion.org, Lahaine eta SinDominio.net.

Informazio horretan informaziogune hauek indarkeriarekin lotzen dira, sabotaiak prestatzeko direla azpimarratuz. Polizia berauek arakatzen ari dela dio, mobilizazioei aurrera hartzeko. Globalizazioaren aurkakoak indarkeriarekin lotzea eta sarea gauza ezlegalekin lotzea topikoak baizik ez dira, baina honelako asoziazio maltzurrekin sarea zein kaleak kontrolatzea lortzen badu pozik geratuko da Aznar jauna. Gero esango dute LSSI legeak ez duela adierazpen askatasuna murriztuko.

www.antiue.net
www.pangea.org/campanyaUE
barcelona.indymedia.org
www.lahaine.f2s.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner