2002ko urtarrilak 31, Osteguna | Irristatzen |
EuskoNIX, Gaubasa eta beste
Urte amaieran ohikoa den birusen sukarra pasatuta, egun batzuetan bakea izan dugu baina berriki urteko lehen birusaren abisua heldu zaigu. Abiadura handiz Windows sistemako ordenagailuak kutsatzen dituen W32/Myparty@MM izeneko birus arriskutsua hedatzen ari den oharra eman digu Panda Software enpresak. Antza, birusa e-postaz banatzen da mezu batean. New photos from my party izenburupean testu hau aurkituko dugu: «My party...It was absolutely amazing! I have attached my web page with new photos! If you can please make color prints of my photos. Thanks!»
Atxekita dakarren fitxategiak www.myparty.yahoo.com du izena. Berau exekutatuz gero, birusak bere buruaren kopia egiten du eta Outlook posta programan ditugun helbide guztietara bidaliko du bere burua. Birus honi aurre egiteko gure antibirusa eguneratzea komeni da. Informazio gehiago aurkituko dugu Panda Software-ren webgunean.
Internetera bueltatuta, EuskoNIX puntu neutroa sortzear dagoela jakin dugu, hiru urteko atzerapenaz bada ere. Leioan kokatua izango den puntu hau sare ezberdinen lotunea izango da, haien arteko trafikoa bideratzeko. Orain, adibidez, hemengo Telefonicako bezero baten mezuak Bartzelonaraino edo Madrileraino joan behar da Euskalteleko bezero batengana heltzeko eta puntu horrek bide hori laburtuko du.
Bestalde, @Euskadi buletinean Canal21 atariaren desegiteari buruzko komentarioak agertu dira azken aldion, buletinaren arabera Euskaltelek hartua baitu berau bertan behera uzteko erabakia. Duela bi urte publizitate kanpainia handi baten bidez aurkeztu ziguten ataria pixkanaka gero eta abandonatuagoa dirudi, edukiak desagertzen ari dira eta, adibidez, nabigatzeko hizkuntza moduan euskara aukeratu arren erdarazko orrialdeak baino ez ditugu ikusiko.
Iragan astean aurtengo Argia sariak banatu ziren eta, Internet arloan euskaraz eginiko ekimenik onena saritzen duen Sareko Argia saria Elhuyarrek duela urtebete online jarri zuen zientzia.net atariari egokitu zitzaion. Zientzia eta teknologiaren hedapena du helburu atari honek eta, bertan euskara hizkuntza nagusia bada ere, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez ematen ditu zenbait albiste.
Gaur hasi eta astelehena bitartean zuzeneko emanaldia izango da sarean Indymediaren eskutik. Globalizazioaren aurkako mugimendu globala indartzen ari da irrati atala eta horren erabilgarritasuna erakutsiko du emisioak. Brasileko Porto Alegreko foroa eta New York-en zein Munich-en berriki izandako protestaldiak hizpide izango dira emisio horretan. Informazio gehiago eta emisioa entzuteko argibideak aurkituko ditugu irratia.com-en.
Bertan ere entzun ahal izango dugu, gaurtik aurrera, Gaubasa irratsaioa zein bertako artxibo batzuk. Aste honetan bertan, Euskal Hedonisten Elkartearen eskutik, Bilbon egiten den irratsaio bitxi honen gaineko jakingarri guztiak aurkituko ditugu, Gaubasa.com domeinupean.
www.canal21.com
@Euskadi
www.cybereuskadi.com
www.zientzia.net
Protestaldia
www.protest.net/drop/
radio.indymedia.org
www.irratia.com
www.gaubasa.com