2002ko urtarrilak 17, Osteguna | Irristatzen |
2002rako aurreikuspenak
Aurtengo aurreikuspenak eta joerak
Azken egunotan hainbat gai interesgarri azaldu dira sustatu.com-en, dudarik gabe aurten ziberalbisteen bilgune nagusia izango den weblog euskaldunean. Haietako batean duela bi aste Mikel Larreategik salatu zuenez, eskatu gabeko publizitate posta bidalketa jaso dute inoiz Kaixo.com-en helbide baten berri eman dutenek eta horrek spam-ari buruzko eztabaida piztu du.
Handik astebetera, Uztargi posta zerrenda aktibatu eta berehala jakin dugu EuskaraZ zerrenda ez dela berriz indarrean jarriko. Iragan astean aipatu genuenez, bozketa egin ostean, EuskaraZ moderatugabea erabaki zuten botoa eman zuten erabiltzaileek. Haren kudeaketa, ordea, ez zuen inork bere gain hartu nahi izan, harik eta Kaixo.com-eko arduradun Aitor Lopez de Aberasturiren eskaintza jaso arte. Hasiera batean UEUkoek berari harpidedunen helbideak ematea erabaki bazuten ere, iragan ostegunean zabaldutako mezuan UEUko arduradunek EuskaraZ bertan behera geratuko dela iragarri zuten, haren eskaintzak «berme nahikorik ematen ez duela ikusi dugu» adierazita.
Posta zerrenden kudeaketaren inguruan izandako gorabehera bakarra ez da izan EuskaraZ-en ingurukoa. Izan ere, helbide multzo bat kontrolatzea nolabait eskuetan boterea izatea da. Iaz Foro-Bilbao zerrendarekin gertatu zenak hori islatzen du argiro, moderatzaileetako batek izen bereko enpresa erregistratu eta harpidedun guztien helbideekin forointernetbilbao izeneko zerrenda sortu baizuen, denen harridurarako.
Baina zerrenden gaia albo batera utzita, Sustatun agertu den beste gai interesgarri bat dugu aurten sareak emango duenaren aurrerapena. Quebec-eko Prospective posta zerrendan agertu dira, urtero bezala, aurten sarean joera nagusiak izango direnak. Beste urteetakoak ere ikus daitezke bertan. Besteak beste, merkataritza elektronikoaren demokratizazioa eta Interneten bidezko salmenten emendatzea ikusiko ditugu aurten; ziurtasuna dela eta arazoak izango ditu Microsoft etxeak bere Windows sistema eragileak dituen akatsengatik; enpresa handien makrofusioek porrota izango dute eta haietako batzuk zatituko dira, errentagarriak ez diren eremuak bertan behera utziz; ordaindutako musika sareek ere porrota izango dute; webgune ez komertzialak indarberrituko dira, komunitarioak eta amateurrak; ordenagailu batetik bestera zuzenean artxiboak garraiatzeko P2P sistemak garatuko dira; ADSL eta antzeko teknologiek etxeetara dakartzaten abiadura handiek aplikazio indartsuak garatzea lagunduko dute eta norberaren etxea aisirako gune nagusia bihurtuko da.
Joera horiei guztiei soilik bi gehitzea geratzen zaigu guri: weblog-en eta software librearen ugaritzea. Horren froga argia dira sustatu.com, uztarria.com eta berriki agertu den puntbarra.com katalana. Zope edo PHP/Nuke ez den doako sistema automatizatua darabil puntbarra-k edukia kudeatzeko, Postnuke izenekoa.
Prospectiverena
veille.vdl2.com
Puntbarra.com
www.puntbarra.com
Postnuke
www.postnuke.com