2002ko urtarrilak 10, Osteguna | Irristatzen |

Uztargia eta uztarria

Urte berriarekin batera Uztargi posta zerrenda martxan jarri da azkenik. Zerrendan mezuak agertzen hasi dira egunotan EuskaraZ-en krisialditik ateratako zerrenda moderatu honetan. Zertaz ari garen ez dakienarentzako azaldu beharko dugu EuskaraZ posta zerrenda euskaraz eztabaidatzeko posta zerrenda moderatugabea zela. EKB elkartearen eskutik sortu zen EuskaraZ 1996an eta EKB desagertu ostean Udako Euskal Unibertsitateak hartu zuen bere gain EuskaraZen kudeaketaren ardura. Banaketa sistema ere aldatu zen orduan, desagertzear zegoen Eusnet zerbitzariak banatzeari utzi eta eGroups sistema komertzial automatizatua eta erabiltzerraza erabiltzen hasi ziren UEUkoak mezuak banatzeko.

Eztabaida foro moderatugabea izateak dakarren askatasunak ito egin zuen EuskaraZ, lagun batzuek edozer gauzaren gaineko mezu ugari, astun eta ulergaitzekin tardantza emateko ohitura hartu baizuten eta horrek zerrendakide askoren haserrea eragin zuen. Eztabaida plazaratu zen orduan zerrendan, ikuspegi ezberdinak azalduz. Batzuen iritziz, zerrenda euskaraz edozein gairen gainean eztabaidatzeko edo informazioak trukatzeko zen, besteen aburuz, berriz, euskarari buruz jarduteko zentzu zabalean, euskaraz eginiko edozer komentatzeko eta.

Mezu molestagarriak ekidite aldera, zerrenda moderatua bihurtzeko proposamena egin zuten batzuek. Zerrenda moderatua izateak zera esan nahi du: bidalitako mezuak automatikoki zerrendakide guztiei banatu barik, moderatzaile diren pertsonengana heltzen dira eta hauek bahe lana egiten dute, zerrendako irizpideekin bat ez datozenak baztertuz eta bat datozenak zerrendakide guztiei banatuz. Bozketa egin eta gero, esku hartu zutenek erabaki zuten EuskaraZ ez moderatua jarraitzea baina UEUkoek uko egin zioten EuskaraZ moderatugabea kudeatzen jarraitzeari eta Uztargi zerrenda berria abian jarriko zutela iragarri zuten.

Bitarte horretan, Kaixo.com-eko Aitor Lopez de Aberasturik bere burua eskaini zuen EuskaraZ kudeatzen jarraitzeko baina oraindik arabarrak ez du berriz zerrenda aktibatu. Uztargi moderatuak, aldiz, aste honetan hasi du bere ibilbidea eta zerrendakideak –EuskaraZen zeudenak eta Uztargin baja eman ez dutenak– astelehenean hasi ziren mezuak jasotzen eta bidaltzen.

Eta uztargitik uztarria.com-era goaz, aste honetan aurkeztu baitute sarean Azpeitiko ataye deitu duten uztarria.com webgune berria. Egileek diotenez, berau «herriko informazioa lantzeko prestatu dugun komunikazio proiektu zabalago bat osatzera dator. Komunikazio proiektu honek, hiru adar ditu: herri-aldizkaria, herri-liburuxkak eta, orain, herri-webgunea. Webgunearen helburu nagusia, esaldi edo lelo honekin laburbildu dugu: komunikaziorako tresna dinamikoa». Horrek webgune dinamikoa eskatzen du eta horregatik Zope-ren gainean eraki dute, sustatu.com edo bagera.net bezalako webgune dinamikoak, aldatzeko eta berrizteko errazak eta partehartzaileak egitea ahalbidetzen duen software libreko sistema da Zope.


www.ueu.org
www.uztarria.com
www.zope.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner