2002ko urtarrilak 12, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Arte digital babestua
Enpresa erraldoia eta net-artea
Batzuetan, internauta askoren fobiak biltzen dituzten enpresa handiek eremu digitalean lehiaketak eta fundazioak antolatzen dituzte pentsa dezagun, dirua irabazteaz gain, xede filantropikoak ere badituztela eta kulturagatik kezkatzen direla. Hala, Telefonica enpresak fundazioa sortu du orohar bere irudia hobetze aldera, Espainiako internauten artean eta Argentinan hain beharrezkoa duena, eta bertako arlo bat Arte y Tecnologia izenekoa da.
Honek sarean duen leihoan, El final del eclipse izeneko erakusketa du. Batetik sarerako egindako artearen bilduma bat dago eta bestetik bideo arte erakusketa. Sarerako artearen atalean bost lan aurkituko ditugu: lehenengoa Giselle Beiguelman-en O livro depois do livro webgunea da, Interneten ikuskatzeko saio hipertextual lusofonoa, literatura, irakurketa eta multimediaren gainean. Apalategi moduko batean ziberliteratura eta web arte gune interesgarri zenbaitetarako loturak daude eta bertan klikatuz gero testu eta animazio laburrak ageriko zaizkigu.
Ulergaitzagoa baina are ikusgarriagoa da Arcangel Constantiniren 123456789px izeneko lana, Unosunosyunosceros webgune zaratatsu eta dinamikoa baina esanahi koherenterik gabekoan. Artista honen beste lan ikusgarri bat Atari Noise da, joko kontsola mitikoaren omenez, haren zaratak eta irudiak hartu eta webgunean erabili ditu Game as an art object lelopean, zenbait performanceren irudiak eta bideojokoei buruzko loturak gehituta. Constantiniren beste lan bat bakteria.org dugu, izate post-humanoa eta infekzioa gaitzat hartuta eginiko flash animazioen aluzinazioa. Harrigarria da, halaber, egile honek duen beste proeiktu bat, infomera.net, baina ez da soilik bakarka aritu, esku hartu baitu hainbat proiektu kolektibotan ere, hell.com eta no-such.com kasu. Hala ere, Telefonicako erakusketara 123456789px eraman du, «artelana erreprodukzio mekanikoaren aroan» lelopean.
Harrigarria bada ere, Telefonicakoek aukeratu duten beste egile bat, Minerva Cuevas mexikarra eta bere Mejor Vida Corp. proiektu subertsiboa eta antikapitalista da. Are harrigarriagoa zaigu aukera, edo agian fundaziokoek bisitatu ez duten seinale, MVC gezurrezko korporazio honen webgunean ikusten dugunean BBVAren El Cerdo Libreton delakoaren kritika gordina ikusten dugunean. MVC-ek kultur produktuak eta bere agiri ofizialak bidaltzen dizkio doan eskatzen dizkionari, «kultura merkantilistari kritika egiteko modu legez», euren esanetan.
Brian-mackern-en No-content.org ausazko galeria da, eduki gabekoa dirudien webgunea iragarriz. Objektu eta soinu ausazkoak ere agertuko zaizkigu egileak berak jarritako muga gainditu gabe: ahalik eta byte gutxien erabiltzea. Azkenik, Gustavo Romanoren Hiperbody lana kausituko dugu, fundazioaren ohar erakargarri batekin: «webgune honek baditu bisitari batzuren sentiberatasuna mindu lezaketeen lotura batzuk». Hau badirudi bisitatu dutela arduradunek. Gaia «giza gorputzaren misterio guztiak sarean erabat argituko dituen gida» da, webgunean bertan dioenez. Fundazioaren deskribapenak «atari moduan» planteatuta dagoela dio baina gehiago dirudi nabigatzaile berezia. Java edo halako teknologia bat erabiliz lortuko du hori baina ikusgarria da nola gizon edo emakumearen gorputzeko zati bakoitzean klik eginez nabigatzaile berezi horrek eramango gaituen zati horri buruzko webgune batera. Ezetz asmatu giza gorputzaren zein ataletan egiten den klik gehien.
Telefonica Fundazioa
fundacion.telefonica.com
O livro
www.desvirtual.com/giselle
Arcangel Constantini
www.unosunosyunosceros.com
www.atari-noise.com
Minerva Cuevas
www.irational.org/mvc
brian-mackern
www.no-content.org
Hiperbody
www.hyperbody.org