2002ko otsailak 16, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Artelekutik Ertza.net-era
Euskal Herrian bertan sarea adierazpide duten arte ekimenak gero eta sarriago agertzen dira azken aldion. Hasteko, iragan hilabetean Donostiako Artelekuk Di-da web leihaketa modukoa antolatu zuen, jendearen ekarpenak jaso nahian, eta horren emaitzak ikusgai dira orain arteleku.net helbidean.
Proiektuaren bultzatzaileen esanetan Di-da web «pieza txikiak dira, ekarpen arinak eta puntualak eginez sortzaileak Artelekuren web proiektuan inplikatzea helburu dutenak». Ekarpen horiek Interneteko datuen jarioan ausaz eta nabigatzean ustekabean tartekatzen zaizkigu nabigatzailearen leihoan, arteleku.net-en sartzean. Beraiek ikusteko aukera dugu edo pixkat kuxkuxeatzeko eta ondoren, segundu gutxiren buruan, Artelekuren ohiko webgunea ikuskatuko dugu atariko orrialdean.
Esan dugunez, webgunean sartzean aktibatzen diren leihoak dira Di-da web hauek, pisu txikiko flash animazioak edo HTML kodean eginiko orrialde ikusgarriak dira. Ez dago formato aldetik mugarik baina bai neurria mugatzen duen 80 Kbyteko gehienezko pisua, gogora dezagun nabigazioa oztopatzeko baino, bapateko inpakto bisuala eragiteko pentsatuta daudela.
Hasiera batean Vaquero, Joaquin Gañez, Fundacion Rodriguez eta Manu Arregiren ekarpenak azaldu ziren. Ondoren, Saioa Olmo, Ibon Saenz de Olazagoitia, Scott Paterson, pavu.com eta Lucas Kuzmarenak, rhizome.org-en ekarpenari esker. Geroago, di-da web deialdia zabaltzea erabaki zuten Artelekukoek eta, edonoren ekarpenak onartu ostean aukera egitea, aukeratutakoek bakoitzak 150 euro jasota.
Beste ekimen interesgarri bat Susa argitaletxeak urtarrilean abian jarri duen Literatur Emailuak izenekoa da. Web nabigazioa barik posta elektronikoa erabiltzen dute Susakoek literaturaren inguruko ekimenak iragartzeko: argitalpen berriak, errezitaldiak, idazleen hitzaldiak, solasaldiak eta lotura interesgarriak biltzen dira astero mezu bakarrean, efemeride batzurekin batera. Ez da hau euskal kulturari buruz sortzen den lehendabiziko buletin elektronikoa, Sareko Argiak egunero banatzen baitu Euskal Kulturaren Haria, baina bai euskal literatura hizpide duen bakarra. Argitaletxe horren webgunean agertzen diren liburu berrien, liburuetako pasarteen eta audio artxiboen berri ere ematen dute Literatur Emailu hauek baina ez dira mugatzen Susaren berri ematera. Buletin hau jaso nahi duenak susa-literatura.com webgunea bisitatu besterik ez du harpidetza doan egiteko.
Eta nabigaziora bueltatuta, beste portu interesgarri ikuskatu dugu egunotan, Nafarroako Bera herrian. Ertz izeneko arte guneak esperimentazioari eskainitako webgunea zabaldu zuen otsailaren 15an, ertza.net helbidean. Ertz-en jardueren berri emateaz gain, mobida horretan dabiltzan Bera aldeko artisten gaineko informazioa biltzen du. Baina webgunea bera adierazpide izatea nahi dute artisten kolektiboko kideek, Interneten bidez gozatzeko moduko formatoen bidez. Hala, bideoa, musika, argazkiak, pintura eta eskultura (azken hauek iruditan bederen) ikus eta entzun daitezke, artistek diotenez, «denak propio webgunerako prestatuak». Disziplina anitzeko egileen zerrenda horretan aipatzekoak dira Joseba Irazoki musikaria, estenopeika teknika erabiliz Atekaleun liburu-CDa osatu eta argitaratu berri duen Asier Gogortza argazkilaria, Vodoo Muzak-eko Mikel Etxegarai musikaria, Ertz jaialdiko antolatzaile Xabier Erkizia bideogilea eta beste hainbat egile. Guztira 11 dira une honetan bertan aurki ditzakegunak baina 25eraino heltzea espero dute.
www.arteleku.net
www.susa-literatura.com
www.ertza.net