2002ko martxoak 16, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Kontaketa pertsonalak
Web guneak aldizkari pertsonal moduan
Sarean ugari dira inoren eguneroko pertsonalak, internautek norberaren bizitza edo bidaiak ezagutu ditzaten propio jarriak. Gaiaren arabera eta adierazpidearen arabera ezberdinak dira. Batzuek "weblog" egitura dute, egunero edo bestelako maiztasunez albisteak gehitzen doazen orrialde baten gisa, albiste edo kontakizunik berrienak goikaldean ageriz.
Gehienetan testua da weblog-en adierazpidea baina badira irudiak dituztenak ere. Esaterako, Natacha Merritt-en Digital diaries proiektua paperean argitaratu berri da argazki liburu moduan. Merritt egunerokotik abiatu zen, bere pentsamenduak idatziz hasieran. Geroago, kamara digitala erosi zuen eta ordutik, idazteari utzita, irudiak soilik erabiltzen ditu bere burutazioak eta sentipenak adierazteko.
Bere burua modelo nagusitzat hartuta, Natachak egun osoa ematen du kamara digitalarekin: ohean, lagunarekin sexua egiten, dutxan... Narzisismo-exhibizionismo hori arras ongi konbinatzen da internauta askoren voyeur izaerarekin. Zenbat eta sexu gehiago erakutsi edo iruzkindu, lagun gehiagoren arreta erakarriko du horrelako webgune batek. Baina sexurik erakutsi gabe ere jendea erakartzen du besteen bizimodua ikuskatu ahal izateak eta, beste aldean, bada beraien bizitza kontatzea gustoko duen lagun asko.
Batik bat bidaiek ematen digute horretarako aukera, ibilbideak eta pasadizuak kontatzeko. Gai honen inguruan travelog edo bidaien kronikak kontatzen dituzten webguneak izugarri hedatu dira, bitakora kaieren tradizioa jarraituz. Esaterako, dmoz edo aurki bilatzailea bisitatzen badugu, hainbeste travelog topatuko ditugu ezen, esaterako, ozeanoan galdutako Pitcairn irla bisitatu dutenek horren gainean idatzitako zazpi travelog-ak aurkitu baititzakegu azpiatal batean.
Travelog horietako batzuk artelanak dira, kontzeptua, erredakzioa, irudien tratamendua, Javascript bezalako teknologien erabilera eta istorioaren garapena webgune komertzial askoren inbidia dira eta, hala ere, bertan ez dago publizitaterik, ez dago helburu komertzialik. Istorioak eta bidaiak kontatze hutsa da Anders Liljeqvist-ek duen helburua, eta bere imaginazioari ordenagailua erabiliz ateratzen dion etekina adieraztea, besteekin elkarbanatzea. Bidaia liburu pertsonala, editatzeko inoren baimenik behar ez duena eta munduko hainbat lagunengana helduko da. Gehienetan bilatzaileren batean Andersek bisitatutako tokien gaineko informazio bila dabiltzan lagunak kausituko dute.
Liljejvist-en kasuan askatasuna da, azken finean, kontua. Tipoak nahi duena ipintzen du, nahi duenean eta nahi baldin badu. Inork ez dio esaten zer eta noiz ipini behar duen. Exhibizionismo puntua ere badago baina irudiak eta testuak onak badira eta diseinu egokian txertatuta badaude, kontakizuna baliagarria izango zaigu Irlanda edo Zelanda Berria berak ikusi dituen begiekin ezagutzeko. Web orrialdeak komiki edo fotonobela bateko laukiak balira legez ikus ditzakegu, kronikaren orrialde moduan, batetik bestera mugituz.
Exhibizionismo kolektiboagoa eta inspirazio kontzeptuala du Mirror Project-ek. Oso bestelakoa da hau, ez da bidaia kaiera, jendeak bidalitako argazki bilduma baizik. Argazkiok, hala ere muga tematikoa dute: ispiluaren aurrean eginak izan behar dute. Kamara digitalen ugaritzeari eta sareari esker posible dugu munduko hainbat komunetan ateratako erretratuak ikustea.
www.digital-diaries.com
dmoz.org/Recreation/Travel/Travelogues
www.liljeqvist.com
www.mirrorproject.com
www.jezebel.com/mirror