2002ko uztailak 13, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Inuit ziberkultura

Kultura txiki baten defentsa sarearen bidez

Askorik ez dakigu Inuit herriari buruz. Gehienez, zinemak utzi dizkigun irudiak ditugu buruan, izotzezko etxe batean bizi den familia, Anthony Quinn buru duela, zulo baten bidez arrainak edo itxastxakurrak harrapatu eta gordinik jaten dituena. Nekez imaginatuko genuke irudi horrek Internetekin zerikusirik izan lezakeenik, baina errealitateak askotan ez du klitxeekin bat egiten.

Egungo inuitak ez dira igluetan bizi, herri edo hirietan baizik. Ez dute aintzinako bizimodua eta motordun ibilgailuak erabiltzen dituzte. Geografikoki oso zabala da Inuit jendearen eremua, sakabanatutako komunitatez osatua. Horregatik sarea komunikazio tresna garrantzitsua bilakatu da. Euren arteko komunikaziorako ezezik, euren kultura kanpoan ezagutarazteko bidea da Internet, altxor horren gordailu eta eztabaidagune moduan izan dezakeen garrantzia ere ahaztu barik.

Izugarri zabala eta sakabanatua izateak zailtasun tekniko nabariak sortu ditu, baina inuit gehienek konektatzeko erabiltzen duten Nunanet.com enpresa arazo hauek gainditzen aditua da. Telekomunikazio enpresa hau %100 inuiten eskuetan dago eta beraiek kudeatua da, gauzak aldatu diren beste adibide bat.

Jende hau eta euren lurraldea ezagutzeko ustea badugu, soilik birtualki bada ere, arctictravel.com atarian behar dugun informazio guztia aurkituko dugu. Ikasiko dugun lehenengo gauza da herri horren izena Inuit besterik ez dela, besteek ezarritako eskimo edo eskimal deiturak errefusatzen dituztela eta, besterik gabe, jendea direla. Hori esan nahi du inuit hitzak inuktikut hizkuntzan.

Jakingo dugu, halaber, Kanadaren baitan sortutako Nunavut eremuan inuktikut hizkuntza ofiziala dela. Inuiten gobernu autonomikoak eskuduntza batzuk ditu. Joera telematikoaren erakusgarri, Nunavuteko gobernuko sail guztien gaineko informazioa dago haren webgunean, eta arduradun guztiekin harremanetan jartzeko aukera dago posta elektronikoa erabiliz. Nunavut.com-eko eztabaidaguneetan jende askok hartzen du parte, oso komunitate telematiko bizia sortu baitute internauta inuitek.

Baina Inuit herria edo haien eremu kulturala ez da Kanadako lurralde autonomo horretara mugatzen, askoz zabalagoa den eremu artikoa ia osorik hartzen baitu. Besteak beste, Suedian, Norvegian, Errusian eta Alaskan ere badira harremandutako kultura hauetako komunitateak. Euren kezka eta arazo komunak eztabaidatzeko eta konpontzeko xedez sortu dute The Arctic Council erakundea. Adibidez, telemedikuntza proiektu interesgarria garatu dute, urruneko komunitateek medikuaren bisita telematikoa jaso dezaten.

Nunavuten ez dago telehezkuntza oso garaturik, baina University of the Arctic eremu hori osorik unitate kultural moduan hartzen duen unibertsitatea dugu, 1998an estatuen mugez gaindi abiatua. Finlandian kokatuta dago, telematika arloan herrialderik garatuenetako batean. Bertan, distantziazko ikasketak eta, batez ere, ikasketa telematikoak dira haien tresna eta ikasgai nagusia. Baina artikorako programa berezia garatzeak hegoaldeko soilik balio duten moduetatik aldentzea eskatzen du. Ikasgaiek ere gehienbat ingurugiroa eta garapena jorratzen dute.

Sareari esker irratia entzun dezakete milaka kilometrora dauden komunitateek eta geuk ere dasta ditzakegu inuktitut hizkuntzaren soinuak. Nunavut-eko hiriburu Iqaluit-etik eta Quebec iparraldeko Nunavik eskualdetik emititzen dute egunero. Nunatsiaq News webgunean paperezko astekari honen edizio digitala dute irakurgai, inuktitut eta ingeles hizkuntzetan.

Bidaiatzeko
www.arctic-travel.com
Nunavuteko Gobernua
www.gov.nu.ca
Arctic Council
www.arctic-council.org
University of the Arctic
www.uarctic.org
Inuktituk Radio
north.cbc.ca
Nunatsiaq News
www.nunatsiaq.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner