2002ko irailak 14, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Borderhack 3.0
Tijuana eta San Diego hiri bat dira, muga batek zeharkatuta. Berlin bezala patuak erdibitu zuen egun lehen eta hirugarren mundua lotzen dituen muga ezarriz. Aurten abuztuaren 16tik 18ra egin dute Borderhack topaketaren hirugarren edizioa Tijuanan, muga horma baten bidez itsasoratzen den hondartza batean. Horma fisikoa, benetakoa, bertan dago baina egunero berau klandestinoki gainditzen dute etorkin, langile eta ume andana batek. Hackeatzearen metafora erabiliz diskete batean familia bat korrika eta //delete the border leloak ematen diote kutsu zibernetikoa topaketari.
Internetek, ziberarteak, multimediak eta interaktibitateak presentzia handia izan dute topaketan. Nola ez, mugarik ezagutzen ez duen sareak ezin hobeto islatzen du hesirik gabeko mundua. Baina sareko topaketa zabalik dago oraindik. Egitaraua ikus daiteke eta bertan euren lanak aurkeztu dituzten hainbat egileren webguneetarako loturak. Iragan edizioetako lan ikusgarri batzuk aurkituko ditugu multimedia atalean. Audioa, testuak, bideoak, webguneak eta argazkiak aurkituko ditugu, munduko egile askorenak eta denak Borderhack-erako prestatuak.
Tijuanakoak Fran Ilich izan du antolatzaileetako bat. Berau pocho jaio zen, mugaren okerreko partean, baina aitak bestaldeko pasaportea izateak asko erreztu zizkion gauzak. «Hala ere, arrotza sentitzen nintzen Kalifornian, turista ere ezin sentitu eta ezin nuen azaldu zergatia», azaldu du Wired aldizkarian egun Mexikoko Sputnik kultura digitalaren gaineko aldizkariko editore denak. Mugaren kontzeptua intelektualki txikitu eta haren edukiak aztertzeko saioa egin dute topaketan, «alde bietako jendea elkarren ondoan eta, aldi berean, banatuta mantentzen duten indarrak» aztertzeko.
Borderhack-en ordenagailuak eta sareko konexioa daude baina ondoko hesi ugertuak eta gainean dabilen helikopteroen zaratak gogorarazten digute mundu biren arteko mugan gaudela. Hemen teknologiak eta Internetek, mugarik ezagutzen ez duten tresnak, muga fisikoen mundua topatzen dute, pasaporte eta paperik gabeko espaldas mojadas-en mundua. Hacktibistak, net artistak, ziberkulturaren adoratzaileak, mugen kontrako ekintzaileak, musikari elektronikoak eta punk-ak prest izan dira hiru egunez behintzat muga ezabatzeko. Horretarako java applet-ak, irrati seinaleak, mikrouhinak, musika eta tailerrak erabili dituzte mugaren okerreko partean sortutakoek.
Antzeko topaketa egin da abuztuan Imatran (Finlandia), Errusiarekiko mugaren parean. Europar Batasunaren ekialdeko mugan inmigrazioaz eta arrazakeriaz jardun dute, atxiloketa zentruez, deportazioaz eta mugez. Europan sortutako noborder.org webgunean jarri duten informazioaren arabera, sare bat antolatu dute antzeko ekitaldiak Europako beste leku batzuetan egiteko. Frantzian, Alemanian, Polonian eta Eslovenian irudikatu dute pobreziaren eta aberastasunaren artean jarritako mugen krudelkeria.
Australian, Adelaidako Woomera herrian egin dute beste kanpaldi bat etorkinen kontzentrazio esparru baten ondoan. Manifestazio istilutsuez gain antzeko programazioa egin dute multimediari arreta berezia jarriz. Badirudi mugen apurketa birtuala hedatzen ari dela planeta osoan.
Borderhack 3.0
www.de-lete.tv/borderhack
Multimedia
www.de-lete.tv/borderhack/attachment
Finlandian
zone.noborder.org
Australian
www.woomera2002.com
Kultura albisteak Wired-en
http://www.wired.com/news/culture
Sputnik
www.sputnik.com.mx