2002ko abenduak 19, Osteguna | Irristatzen |
Googleren azkenekoa
Albisteak eta argazkiak aurkitu, edozer erosi... Google azken aldian jaun eta jabe dugu bilatzaileen lehian. Webguneak sailkatzeko erabiltzen duen sistemagatik eta bere orrialdeen arintasunagatik apurka-apurka lehenengo postua kendu dio Yahoo-ri.
Aldiro atal berriak ateratzen ditu Googlek. Esaterako, images.google.com helbidea gai baten inguruko argazkiak edo pertsona batenak topatzeko aproposena da. Beste atal bat news.google.com dugu. Bertan, beta edo probako bertsioan badago ere, azalean nabarmenduta ageriko zaigu azken uneotako albisterik garrantzitsuenak, azken uneotan agertutako erreferentziekin gainera. Berba bat bilatuz gero, Basque kasurako, berau agertzen den azken egunotako albisteak kausituko ditugu, prentsa anglofonoan agertutakoak.
Bere erabilera hain zabaldua egonik, bannerren ordez jendeak bertan publizitatea egin dezan beste modu bat aurkitu du Google-k, Adwords izeneko iragarkiak. Webgune bat iragarri nahi badugu, gure iragarkia soilik guk eskaintzen dugunaren antzeko produktu baten bila dabiltzan internautek ikustea lor dezakegu iragarki mota honekin. Guk berba bat edo berben konbinazio bat aukeratzen dugu eta, norbait horren bila badabil, gure webgunearen izena eta helbidea agertuko zaio nabarmenduta. Abiadura ez da motelduko bannerrik ez baita kargatu behar eta soilik gure loturan sakatzen dutenean ordaindu beharko dugu.
Orain, beste zerbitzu bat atera du Google-k, Froogle izenekoa. Bertan, diotenez, «Interneten dauden denda eta produktu guztiak» biltzen dira topatzaile berezitu horretan. Sustatu albistegian irakurri dugunez, helburu komertziala duten bilaketetan parez pare daude Google eta Yahoo. Beraz, Googlek emaitza zehatzagoak eskaini nahi dizkio zerbait erosi nahi duten internautei.
Gaiez aldatuz eta iragan asteko Datorrena 03 bilkuraren ostean, jakin berri dugu 2003ko otsailaren 5etik 7ra Erregioen aukerak eta erronkak Informazioaren Gizartean izenburuko nazioarteko kongresua izango dela Bilbon. Hau ere Bizkaiko Foru Aldundia prestatzen ari da. Lurralde historikoak eta autonomikoak sartzen diren eskualde edo erregioaren definizio honetatik abiatuta, koesio sozialerako tresna moduan informazioaren teknologiek duten rolaz jardungo dute kongresuan. Informazioaren gizartera denek sarbidea izatea lehentasuntzat du kongresu honek, sarbidea eskubide unibertsal aldarrikatuz. Giza taldeengan bizi kalitatea hobetze aldera duten eraginaz eta demokraziarako zein gardentasunerako euren ekarpena aztertuko dute.
Irristatzen topa daitekeen beste webgune batean, A nuestro aire izeneko weblog-ean, wireless edo kablebako sareak dira gaietako bat. Gasteizko informatikazale batzuek egiten dute Postnuke softwarea erabiliz. Bertan, honelako komentarioak irakur daitezke Wi-Fi sareen bila dabiltzanek idatzita: «Atzo paseatzen Wi-Fi sare bat aurkitu nuen Artium-eko nodoan». Denetariko zaletasunak daude munduan eta nork bere autotik wireless sareak topatzea ez da arraroena.
Froogle
froogle.google.com
Kongresua
www.bilbaoit4all.com
A nuestro aire
anuestroaire.hartu.net