2002ko abenduak 26, Osteguna | Irristatzen |
Gabonetako erosketak
Aukera handirik ez sarean
Konturatu gabe gabonak berriro gainean eta jendea erosketak konpultsiboki egiten ari den egun hauetan ordenagailu bat erostea egokitu zait. Norbaitek kontrakoa pentsa lezakeen arren, PC bat erosten dudan lehenengo aldia izango da eta eskaintza ezberdinen artean galduta nabil erabat: prozesagailua AMD edo Intel; grafikoen txartela 64 MBkoa eta telebista irteerarekin edo 32koa... Zalantza asko ditut, disko gogorra, pantaila eta bestelakoak ez aipatzearren.
Lehenengo PC-a diodanean wintel (windows+Intel) modukoa esan nahi nuen, orain arte Mac-ak baino ez baititut erabili. Bitxia da baina lehenengo PCa apple bat izan zen, baina Microsoftek hizki bi horiek ere bereganatu ditu. Jende askok ez daki hasiera edo inicio menurik ez duten milaka ordenagailu daudela munduan, Bill Gates-en produktuak denok erosi behar ditugula ematen baitu. Bada ez da ezinbestekoa.
Wintel esaten diote plataforma horri makeroek eta linuxeroek, ezinbestekoa ematen baitu Windows-a eta Intel motorra, gauza biak erostea. Azken aldi honetan, baina, Intel prozesagailuen alternatiba den AMD ari da monopolio hori hausten apurka-apurka, prezio baxuagoekin. Gainera, ikusi dut ordenagailu guztiek Windows XP sistema eragilea dakartela baina badaukat hori ez erosteko aukera ere, 155 euro aurreztuz. Hori da, hain zuzen, Bill Gatesek erosle gehienei kobratzen diena, ordaintzea ezinbestekoa bailitzan.
Azkenik erabaki dut zer egingo dudan, Intel-ik ez dut erosiko eta Windows-aren lizentzia ordaindu barik beste gauzaren bat egingo dut. Adibidez, berriki euskaratutako Mandrake Linux 8.2 instalatuko diot makinari. Beraz, ez dut erosiko Wintel bat.
Gainera, badakit nola eskatu opariak Olentzerori Interneten bidez, olentzero.info webgunean. Bertan kantak, irudiak, postalak eta jokoak daude. Bera joango da oparien bila eta etxera ekarriko dizkit. Izan ere, dendak jendez beteta daude egunotan eta sarearen bidez ez dago edozer erosteko aukerarik egunotan. Aukerak ez dira hain zabalak sareko katalogoetan. Esaterako, ordenagailu dendetako webgune gehienetan ez dira gabonetako eskaintzak ageri eta, produktuak agertuz gero, ez dute erakusten paperezko panfletoetan –eguneratuagoak berauek– duten salneurria.
Bestalde, ez da pentsatu behar sarearen bidez eskatzeagatik produktua arinago jasoko dugunik. Askotan saturazioa almazenetan ere igartzen da eta jaramon gutxiago egiten zaie sarearen bidez jasotako eskaerei. Beraz, edozein modutan pazientzia handia izan beharko dugu.
www.areapc.es
www.jump.es
www.beep.es
www.optize.es
www.dell.es