2003ko urtarrilak 9, Osteguna | Irristatzen |
Hoax bat?
Mezu kateak eta birus faltsuak berriro. Lehengo egunean lagun batek ohartarazi ninduen mezu elektroniko baten bidez: «Fwd: Kontuz, birus arriskutsua sortu da». Izenburuko Fw horrek adierazten duenez, niri eta beste hainbat laguni bidaltzen zigun oharra, beste batek pasatutako katearen jarraipena. Lagun horien izenak eta helbideak ere ikus nitzakeen, CC eremuan ageri baiziren. Ikus nezakeen, halaber, nire lagunari heldu aurretik kateak jarraitutako azkeneko urratsetan jendeak itsatsitako helbide elektroniko piloa. Mezua ahalik eta lagun gehieni berriz bidaltzeko eskatzen duen katearen adibide tipikoa zen.
Litekeena da asmo oneko internautak, gainera, lagun guztien helbideak Cc edo To eremuetan itsastea, Ccc edo kopia itsuarenean itsatsi baino. Horrela gure lagun horien helbideak agerian geratuko dira. Noski, gure ordenagailua suntsituko duen birus hori ez da benetazkoa eta horretaz informazioa jasotzeko foro aproposak daude mezu horien beharrik izan gabe.
Horrelako mezu kateetarako urtaro aproposa dira gabonak, batez ere birus arriskutsuez abisua ematen diguten mezuak. Mezu kateak ez dira spam edo zebor mezuekin nahasi behar. Haiek komertzialak eta izengabeak dira, ezezagun batek bidaltzen dizkigu zerbait saltzeko. Mezu kateak, aldiz, lagun batek uste onez bidaliko dizkigu gehienetan.
Mezu kate mota batzuk badaude ere, ezagunenak ohiko hiru-lau mota dira.
Batzuek honela diote: «Umetxo bat goseak hiltzen ari da Vladivostok-en, ez du besorik, ezta hankarik ere. Gurasorik ere ez du eta ezinbestez hilko da, geuk lagundu ezik. Mezu hau lagun bati berbidaltzen diozun bakoitzean dolar bat jasoko du haren aldeko fundazioak».
Beste batzuek pezetaren karta zaharraren bertsio elektronikoak dira: «Mezu hau berriro 1000 laguni bidali ezik ezbehar bat gerta dakizuke. Filipinetako Maria Guan-ek ez zion inori bidali eta, etxetik eskolarako bidean laprast egin eta errekara jausi zen. Handik hamar egunera haren gorpua aurkitu zuten hondartza batean».
Iragan mendearen hasieran abiatutako Ponziren eskemaren gainean eraikitzen dira mezu hauek, make money fast gisako spam famatuak bezala. Berau hainbat iruzurlek erabili duten piramidearen eskema da Internetera egokituta. Hamar izen ageri diren mezua jasotzen dugu, beste hamar laguni bidal diezaiegun erregutuz. Berauek beste hamarri bidaltzean gure izena zerrenda horretan maila bat igoko da eta zerrendaren bosgarren lekura heltzean hasiko gara dirua jasotzen. Progresio geometrikoak pixkat ezagutuz gero, konturatuko ginateke horretarako gure mezua jada 10 milioi lagunengana heldu beharko litzatekeela. Zerrendaren lehen postura heltzeko internauten kopurua 100.000 milioikoa izan beharko litzateke. Baina dirua tartean ez dagoenean ere hedatzen da.
Beste kasu batzuetan benetako gertakariez baliatzen dira kate sortzaileak, harrikatuta hiltzera kondenatuta dagoen Safiya nigeriar andrearena edo ez dakit zein manifestu sinatzeko online kanpainia. Safiyaren kasuan ondo antolatuta dauka Amnesty International-ek sinadura bilketa web orriale ofizial baten bidez.
Kateen helburuak zeintzuk dira, orduan? Bada, jolas baten gisa has daiteke agian baina internautarentzat kaltea bere helbide elektronikoa lagun batek gurpil zoro horretan sartutakoan eragiten da. Litekeena azkenik gurpil zoro horretan helbide mordoa daramatzan mezua address harvester edo helbide biltzaile baten eskuetan jaustea da. Handik gutxira hasiko gara spam edo zabor mezu komertzialak jasotzen.
Informazio gehiago
www.rompecadenas.com.ar
Safiyaren kasua
www.amnistiaporsafiya.org