2003ko urtarrilak 16, Osteguna | Irristatzen |

Aurreikuspenak.net

Sarean 2003ak ekarriko digunaren iragarpena

Urte hasiera bilanak eta iragarpenak egiteko sasoi aproposa da. Sareari dagokionez, badira iragan urtean nabarmendu diren joerak, aurten gehiago garatuko direnak. Horrelako iragarpenak egiteko ardura izan ohi du azken urteotan Quebec-eko Veille webguneak eta aurten zer gertatuko den iragarri du. Testua frantsesez dago, baina Sustatun euskarazko laburpena agertu da, 2003. urterako aurreikusiak izenburupean.

Duda barik 2002. urteko fenomenoetako bat Google bilatzailearen hedapena izan da. Gero eta jende gehiagok erabiltzen du eta gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu. Aurtengo iragarpenetako bat googlezazioa izango da, Veillek azaltzen duenez, «gurekin kontaktuan jartzen den edozein pertsonaren gaineko informazioa bilatzearen ekintza erreflexua, baita gure burua bilatzearena ere». Googlek egin duen urtearen Zeitgeist-aren bilanak, berriz, urteko hilabete bakoitzean izan diren bilaketetatik jendearen unean-uneko interesak zeintzuk izan diren erakusten eta joerak ondorioztatzen ditu. Zeit hitzak denbora esan nahi du eta geist, berriz, izpiritua da.

Bilatzaile horretan spiderman, shakira eta winter olympics izan dira gehien bilatutako kontzeptuak. Horietan, top horrren 14. tokian las ketchup ikus daiteke. Joerei dagokienez, aro bakoitzean kontzeptu ezberdinak bilatu izan dira. Esate baterako, uztailan isla perejil izan zen bilatuenetakoa, tour de france-rekin batera.

Baina iragarpenetara bueltatuta, Zerbitzarien merkatua dominatu ostean Linux bulegoetan hedatzen hasiko dela iragarri dute Veillekoek. Kostatuko zaiola pentsatzen dut, baina Microsoft produktuen ondoan software libreak, Open Office sortak kasu, badu abantaila franko. Linux gero eta grafikoagoa eta intuitiboagoa da eta denbora kontua izango da baina azkenean irabaziko du.

Aurten areagotuko den beste joera bat hemen azken aldian aipatu izan dugun wireless iraultza izango da. Hari bako konexioak, saretxo inalambrikoak eta konexioa doan banatzeko redlibre-ren moduko sareen sareak arazo bihurtuko dira azkenean telefonia enpresentzat.

Veilleren aburuz, nazioartean spam edo eskatu gabeko zabor mezuen aurkako ekimenak eta legeak izango dira, askorentzat benetako arazoa bihurtu baita egunero ehunka mezu irakurri eta bota behar izatea. Oso zaila izango da benetan spam-a jazartzea, lege eta herrialde asko sartzen baitira jokoan.

Beste joera bat izango da ordenagailuen merketzea. Abiadura handiegia hartu dute azken aldian, AMD eta Intel-en arteko prozesagailuen lehiaren ondorioz. Merketze horren ondorioz, bigarren edo hirugarren ordenagailua erosiko omen dugu etxerako.

Microsoft-i dagokionez, Windows sistemaren eta Office paketearen salmentan jarriko du indarra eta azken aldian porrota izan duen beste proiektu batzuk bazterrean utzi.

Amaitzeko, ekonomia tradizionalaren itzulera aipatu behar dugu, sareko negozioek errentagarritasuna ikusi behar dute. Pelotazoaren garaia aspaldi igaro zen eta inbertsoreek dirua ikusi nahi dute.

Veille
http://veille.vdl2.com
Zeitgeist
http://www.google.com/press/zeitgeist.html
Laburpena euskaraz
http://www.sustatu.com/1041706169

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner